1803-1806: Baztanga on tour

Ados, badakigu izenburua arraro samarra dela, baina ziur aski post honi «1803ko txertoaren Errege Espedizio Filantropikoa, Balmis espedizioa ere deitua» deitu izan bagenio, ez dugu uste oraintxe bertan hori irakurtzen ariko zinetenik, beraz, utziguzue sormen pitin bat izaten. Nolanahi ere, uste dut ez zaizuela argi geratuko zer den auzia ezein titulurekin. Has gaitezen: 

Baztanga gizateriaren etsairik handienetako bat izan da milaka urtez munduan zehar. Elkar ulertzeko, Despacito abestia bezalakoa izan zen: nonahi zegoen eta ihes egitea ezinezkoa bilakatu zen. Hori bai, esan beharra dago Baztanga Despacito abestia baina txarragoa izan zela, mundu osoan endemikoa zelako (horrek esan nahi du gizartean beti zegoen gaixotasun bat zela), jende asko hiltzen zuelako eta garrantzitsuena dena: ez zuelako Daddy Yankeeren laguntzarik izan. Baina egia da baztangak ez zuela Justin Bieberren erremixik izan, beraz, agian ez zen hain txarra.

Eskuartean dugunera itzuliz: baztangaren aurkako lehen aurrerapen nagusia Edward Jennerrek ekarri zuen XVIII. mendearen amaieran. Ordura arte, neurri prebentibo erabiliena bariolizazioa zen, sudurretik edo zauri baten barruan hautseztatutako zarakarrak edo baztanga gaixoen pusak sartzean zetzan (Mary Wortley Montagu-k Europara ekarri zuen teknika). Horrek, normalean, baztangaren infekzio arinagoa eragiten zuen, baina hiltzeko arriskuan jarraitzen zuen, nahiz eta probabilitatea txikiagoa izan.

Eta, zer egin zuen Edward gure lagunak teknika hori hobetzeko? Gizarteak bazekien esneketariak baztangaren behien aldaeraz kutsatzen zirela, zein, aldaera arinagoa zen, eta ondoren, bazirudien giza-baztangarekiko immunitatea geratzen zutela. Horrela, giza-baztangaren ordez behi-baztanga erabiliz bariolizazioan, arriskuak murriztu eta immunitatea lortzen zen. Et voilà, hor dugu lehen txertoa. 

  • Txerto hitza erderaz  “vacuna” da behiengatik, “vacca” esaten baitzen latinez.  

Aurrerapen ikusgarri hori laster iritsi zen Espainiara, non Karlos IV.a zen erregea. Horrek baztangaren ondorioz alaba bat galdu zuen eta ziur asko, gaixotasuna hain gertutik bizitzeak erraztu egin zuen bere mediku pertsonalak, Francisco Javier Balmis-ek, orain arteko osasun-proiekturik handiena proposatu zionean, baietz esatea.

Balmisen proposamena baztangaren aurkako txertaketa masibo bat egitean oinarritzen zen Espainiako inperio osoan, une horretan Latinoamerika eta Filipinak barne hartzen zituena. Bertan, ahal zen ume guztiei txertoa jarri eta bertako jendea teknika erabiltzeko prestatu nahi zen, txertaketa denboran mantendu ahal izateko.

Espainiar Inperioa (1800-1833)

Baina, egia esan, lehenago ere saiatu ziren antzeko zerbait egiten, eta arazo «txiki» batekin topo egin zuten. Jendea inokulatzeko ezinbestekoa zen birusaren lagin freskoak izatea, eta ordura arte inork ez zuen lortu Ameriketaraino heltzea egoera horrekin. Balmisek proposatu zuen irtenbidea giza gordailuak erabiltzea izan zen, hau da, behi-baztangaz kutsatutako jendea itsasontzian etengabe eramatea.

Kontua da % 100ean ziur egon behar zutela gordailu horiek aurretik ez zutela inolako baztangarik pasatu. Eta nortzuk dira horiek? Haurrak. Beraz, 1803ko azaroan, Balmis espedizioa Kanariar uharteetara itsasoratu zen 3 eta 9 urte bitarteko 22 umezurtzekin, gaur egun «haur txertatzaileak» bezala ezagutzen direnak.

«niños, niños, futuro, futuro»

Espedizioa 1806an amaitu zen Lisboan eta arrakasta handia izan zuen. 250.000 haur ingururi jarri zieten txertoa Latinoamerikan eta Filipinar uharteetan eta Txinara ere eraman zuten txertaketa-teknika berri hori. Txertaketa-sistema lokalak antolatu ziren, eta, zalantzarik gabe, milioika bizitza salbatu ziren hurrengo urteetan. Balmis espedizioa munduko lehen espedizio sanitariotzat eta historiako lehen txertaketa masibotzat hartzen da. Eta horrela, haiek ongi bizi? Gu hobeki.

♥Amaiera♥

Ah, agian orain zuen buruari galdetzen diozue ea zer etika duen baimena eman ezin duten umezurtzak mundu-mailako espedizio batean eramateak birus erreserba-gune gisa. Bai, igual istorioaren xehetasun hori agian ez zen hain polita izan. 

«Sentitzen dut detaileei emandako arretak gogaitu bazaitu»

Ez dago datu askorik ume gaixo horien kokapenari buruz, baina Espainiako Pediatria Elkartearen monografia batek dio horietako inor ez zela Coruñara itzuli. Promesa asko egin zitzaizkien espedizioarekin bat egitean, baina, dirudienez, erabilgarriak izateari utzi ziotenean, historian galdu ziren, beste umezurtz asko bezala, haiek baino lehen eta ondoren.

Gainera, lehen 22 horiek birusa bizirik Ameriketara eramateko baliogarriak izan ziren, baina gero ume gehiago behar izan ziren, bidean «biltzen» joan zirenak. Kasu batzuetan, lehenengo 22ak hautatzeko erabilitako «parametroak» jarraitu ziren, baina, beste kasu batzuetan, esklaboak erabili ziren eta haurrak erosi zitzaizkien baliabide gabeko familiei. 

No comment.

Gizateriaren eta zientziaren historiako beste kasu askotan bezala, egia da ordura arte pentsaezina zen ekintza bat egin zutela osasunaren alde, baina garrantzitsua da azpimarratzea zientziaren aurrerapenaren eta erregulazio etiko eta moralaren arteko betiereko borroka bizirik mantentzea. Nahiz eta zientzialari askori etika batzordea burokrazia hutsa iruditu, azkenean hor daude beharrezkoak ez den min eta krudelkeria saihesteko. Horrelako erabakiak ezin dira bakoitzak duen mundu-ikuspegiaren esku geratu.

Bide batez, gazi-goxoa den istorio honetako azken datu bitxi bat: a Coruñako Espaktu Etxeko errektorea arduratu zen haurrak zaintzeaz ibilbide osoan zehar, bere seme adoptatua sartu zuen proiektuan, eta, ondoren, Osasunaren Mundu Erakundeak «nazioarteko misioan zegoen historiako lehen erizaintzat» hartu zuen. Seguru asko bere izena entzungo duzue: Isabel Zendal.

Bai, Isabel Zendal hori. Izen horrek pentsamendu onak edo txarrak ekartzen badizkizue, ez da gure kontua.

Hurrengora arte.

Erreferentziak: 

  1. i Perigüell, E. B., & Añón, R. B. (2003). En el nombre de los niños: La Real Expedición Filantrópica de la Vacuna (1803-1806). Asociación Española de Pediatría.
  2. Lombard, M., Pastoret, P. P., & Moulin, A. M. (2007). A brief history of vaccines and vaccination. Revue Scientifique et Technique-Office International des Epizooties, 26(1), 29-48.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.