Igor igelaren kasua

Phyllobates terribilis - Wikipedia, la enciclopedia libre
Hona hemen Igor Igela, gaurko protagonista

Gure susmagarria

Hona hemen Igor, Igor igela. Begira ze aurpegutxo polita. Begi handi horiekin eta irribarre egiten duela dirudien ahoarekin. Hartu eta besarkada indartsu bat emateko gogoa ematen du, zure maitasun guztia helarazteko…

EZ

Igor igela Phyllobates terribilis bat da. Izen teknikoagatik bakarrik imajina dezakezue nola izango den gure azalpena. Urre koloreko igel dardo izena ere daukate, chocó eta emberá kolombiako tribuak horiek harrapatu egiten dituztelako haien pozoiarekin ehiztarako erabiltzen dituzten dardoak bustitzeko. Izan ere, igel hauek oso pozoi arraro eta indartsua dute azalean, batracotoxina izenekoa, beraz, bai, oso animalia jatorra eta super samurra da, baina, aldi berean, hobe da ez ikutzea. Igel hiltzaile eta arriskutsua.

Irudia eguneratuko dugu, igel supertoxikoa ukitu ezin izatea hain gogorra izan ez dadin.

Begira zein haserre dagoen, eta gainera erre egiten du, birikak txikitzea ez da batere cute. Beno, goaz harira.

Krimenaren arma

Ez naiz hizkuntzalaria, baina batrakotoxina hitzaren jatorria azaldu beharra dago, literalki igel-pozoia esan nahi duelako grekeraz (batrachos=igel + toxine=pozoia). Nohizbehinka ere zientzialariak irudimentsuak dira.

Intersatzen zaigun molekulatxoa alkaloide esteroideo liposolugarri eta toxikoa da eta, gainera, ezagutzen den toxina ez-peptidikorik pozoitsuena da. Bueeeeeno, itzuliko dut kriston esaldi hori… Laburbilduz, batrakotoxina proteina ez den molekula toxikoa da eta ez da uretan solugarria, baizik eta lipidoetan. Alkaloide esteroideoaren zati hori ez dut azalduko, molekulen egitura kimikoari buruz hitz egiten badut joango zaretelako guztiak. Hona hemen batrakotoxinaren egitura kimikoa:

Molekula aparta, homizidio zein tatuaje bat egiteko erabilgarria.

Interludioa: sinapsia

Noski, pozoi superindartsua dela esatea errezegia da. Egin beharreko galdera da: Zergatik da hain pozoitsua? Nola hiltzen gaitu? Benetan galdera oso onak egiten dituzue, irakurle maiteak. Eta zelako kasualitatea! Biokimikariak gara eta galdera horien erantzunak badakizkigu! Azalpen honekin aurrera egiteko sinapsiaren mundu zoragarrian sartu beharko gara.

Neuronak gorputz osoan ditugun nerbio-sistemako zelulak dira (ez bakarrik garunean) eta informazioa gorputz osoan zehar garraiatzeaz arduratzen dira. Begiluze batek jo zaitu? Neurona sentsorialek detektatzen dute, eta neuronen ibilaldi txiki batek mezua garuneraino pasatzen du, sentitu dezazun. Txakurtxo monisimo bat ikusi duzu eta besarkada bat ematera joan nahi duzu? Begietako neurona sentsorialek irudia garunera transmititzen dute tarteko neuronen bidez, eta garunak zure gorputzeko muskuluei besarkada ematera joateko agindua transmititzen die neurona motoreen bidez. Informazio transmisio hori behar dugu existitzeko, eta hori sinapsian gertatzen da, neuronen besoen, edo axoien, arteko eremuan.

Santiago Ramon y Cajal-ek (bai, hirurek) egindako neurona piramidal baten irudia (1904)

Axoien artean gertatzen dena eraginkorra izan dadin, jada ezagutzen dituzuen neurotransmisoreez gain, ezinbestekoa da gradiente elektrokimiko bat izatea, edo bestela esanda, zelularen barnean eta kanpoan molekula jakin batzuen kontzentrazio desberdina egotea. Transmititu beharreko mezua korronte elektrikoen bidez garraiatzen da zelula batetik bestera, eta horiek sortzeko neuronen mintzean dauden garraio kanalak ireki behar dira (d). Kanale horiek irekitzerakoan, gradiente elektrokimikoan dauden molekulak, kasu honetan sodio ioiak, neuronen barrukaldera sartuko dira. Mugimendu horiek korronte elektrikoa sortuko dute (e), sodio ioiak kargadun molekulak baitira. Korronte hori neuronaren punta batetik bestera mugitu (a) eta beste sinapsi gune batera helduko da, non neurotransmisoreen kanporaketa eragin (b) eta korronte elektrikoa ondorengo neuronari transmitituko dio (c). Gauza bera gertatuko da neurona batetik ondorengora mezua bere helmugara eraman arte.

Interludioaren amaiera: mesedez esaidazu nola hilko nauen molekula honek

Batrakotoxina izugarri maite zaitun molekula zoragarria da eta, beraz, zurekin gera nahi du bizitzen. Horretarako, eroso egoteko tokiaren bila doa zure gorputzean zehar, eta badirudi bere gustokoena den tokia boltaiaren menpeko sodio kanalak direla. Not cool. Gainera, prozesu garrantzitsu honen erdian sartzeaz gain, kanalak irekita uzten ditu betirako eta, beraz, gradiente elektrokimikoa pikutara bidali eta mezuen transmisioa oztopatzen du.

Laburbilduz, A neuronak igorritako neurotransmisoreek B neuronan potentzial elektrikoaren aldaketa tenporala eragiten dute sodio kanaleen bidez. Ba batrakotoxinak kanalean sartu eta «atea apurtzen» dute. Gauzak horrela, prozesuaren erregulazioa hondatu eta neuronen arteko komunikazioa eteten da. Ezin dituzu muskuloak mugitu, eta hil egiten zara.

Epaitza

Orduan, kartzelara bidaliko dugu Igor?

Igor igela kartzelan.

Itxaron pixka bat, zerbait esan nahi digula dirudi.

Adierazpen interesgarria, iker dezagun sakonago.

Badirudi phyllobates terribilis igelak gatibutasunean bizi direnean, eta zizare eta termitak jaten dituztenean, ez dutela batrakotoxina ekoizten. Gainera, oso toxina arraroa da eta soilik identifikatu da 3 igel motatan eta Papua Ginea Berrian bizi diren zenbait txorietan, existitzen diren txori pozoitsu bakarrak. Gaizkile nagusi baten aurrean gaudela dirudi. Itxaron, zer da hori?

Plot twist

Indibiduo ezezagun bat agertu da, Igorren epaiketa etenduz.

Melyridae familiako kakalardo bat da! Eta batrakotoxinaz beteta dago! Orain arte ezaguna den animaliarik pozoitsuena da! Badirudi intsektu horien arrastroak deskribatu direla txori pozoitsuen urdailean, eta batrakotoxina kontzentrazio izugarri altua daukate. Zientzialariek uste dute Kolombian bizi diren honelako kakalardoak Igorren toxizitatearen errudun direla.

Igorren familiarekin teoria hori baieztatzeko arazo nabariak daude, babestutako habitat batean bizi den espezie babestua delako eta, beraz, ezin dira ehiztatu eta ireki haien urdailean zer dagoen ikusteko. Dena den, ezin dugu Igor kartzelara bidali informazio guztia izan gabe.

Barka nazazu Igor, benetan.

Igor, zure lagun berria.

AMAIERA. 

Artikulo honetan oinarritutako post-a:

Dumbacher, J. P., Wako, A., Derrickson, S. R., Samuelson, A., Spande, T. F., & Daly, J. W. (2004). Melyrid beetles (Choresine): a putative source for the batrachotoxin alkaloids found in poison-dart frogs and toxic passerine birds. Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America101(45), 15857–15860. https://doi.org/10.1073/pnas.0407197101

1803-1806: Baztanga on tour

1803-1806: Baztanga on tour

Ados, badakigu izenburua arraro samarra dela, baina ziur aski post honi «1803ko txertoaren Errege Espedizio Filantropikoa, Balmis espedizioa ere deitua» deitu izan bagenio, ez dugu uste oraintxe bertan hori irakurtzen ariko zinetenik, beraz, utziguzue sormen pitin bat izaten. Nolanahi ere, uste dut ez zaizuela argi geratuko zer den auzia ezein titulurekin. Has gaitezen: 

(más…)